Proiektua



25. urteurrenaren markoan kokatuta, proiektu honekin ikastolaren inguruko hausnarketa egin nahi izan dugu. Horretarako elkarrizketen bitartez urte hauetan guztietan ikastolarekin zerikusia izan duten hainbat pertsonen begiradak jasotzea pentsatu dugu, eta lan hau gure ikasleen esku utzi dugu.

Ikastolako plan estrategikoan markatutako ildoak jarraituz, hurrengo urteetarako bi dira gure ikastolan lehenesten diren lanerako lerroak: hizkuntz proiektuaren garapena (ahozkotasunetik abiatuz), eta teknologia berrien erabilera.

235 begirada proiektuaren diseinua, beraz, testuinguru honetan kokatu dugu, eta eremu akademikoari dagokionez hiru ardatz nagusitan dago egituratuta.

- Hizkuntzen Trataera Bateratua
- Konpetentzien araberako hezkuntza diseinua
- Teknologia Berrien erabilera

Hizkuntzen Trataera Bateratua

Argia Ikastolaren eredu linguistikoa hiru hizkuntzen inguruan dago egituratuta: euskara, ingelesa eta gaztelania. Hezkuntza proiektuaren ardatz nagusiena euskara da, eta murgiltze goiztiarra programa jarraituz, irakaskuntzarako eta komunikaziorako hizkuntza da. Gaztelania ikasle gehienen ama hizkuntza da, eta bere alderdi formala Lehen Hezkuntzatik aurrera Gaztelania ikasgaian lantzen da. Ingelesa hirugarren hizkuntza da eta Haur Hezkuntzako bigarren mailatik aurrera lantzen den ikasgaia.

Gaur egun badakigu hizkuntzen artean transferentzia prozesuak ematen direla (Cummins, 1979); hau da, hizkuntza batean garatutako gaitasun batzuk, ondoren ikasten den hizkuntzara transferigarriak dira. 235 BEGIRADA proiektuan ikastolako hiru hizkuntzen transferigarritasun positiboa landu da, eta horretarako, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan programazio bateratua burutu da. Elkarrizketa izan da lan honetarako aukeratutako testu generoa, eta ziklo zein hizkuntza bakoitzetik testu mota horren ekoizpenean erabili beharreko estrategia ezberdinak landu dira.

Haur Hezkuntzako ikasleak, bestalde, bigarren hizkuntzaren jabetze prozesuaren hastapenetan daude. Haien betebeharra proiektuan ikastolaren aurkezpena egitea izan da, eta horretarako ahozko testuak eta irudiak erabili dituzte. Ikastolako txikienen begirada libreki ateratako argazkietan islatzen da, eta hauek izan dira ekoiztu dituzten ahozko testuen euskarriak.

Konpetentzien araberako hezkuntza diseinua

Proiektu honetan bi dira batez ere garatu nahi izan diren oinarrizko konpetentziak:

- Ikasten ikasteko konpetentzia
- Komunikatzeko konpetentzia


• Komunikatzeko konpetentzia

Konpetentzia honen garapena hizkuntza komunikaziorako tresna gisa erabiltzean datza, testuinguru ezberdinetan eta beti ere modu egoki eta eraginkorrean. 235 BEGIRADA proiektuan hori izan da, beraz, landu dena. Hizkuntzaren erabilera komunikazio egoera erreal batean kokatu da, eta horretarako, ikasleak ikasten ari diren kode ezberdinak modu funtzional batean erabili dituzte, kasu honetan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

• Ikasten ikasteko konpetentzia

Proiektuaren egiturak berak konpetentzia honen garapena ahalbideratzen du. Irakasleak lagun ikasleak beraiek izan dira proiektuaren nondik norakoak bideratu dituztenak: marko nagusitik abiatuz azken emaitza zein izango den erabaki dute, adostasunetara iritsi behar izan dute eta lana burutzeko ataza ezberdinak finkatu dituzte. Aurrera eramandako atazetan Ikasleak hainbat trebetasun eta ezagutza erabili behar izan ditu, eta prozesu horretan bere gaitasunen kontzientzia bereganatzen joan da.

Bestalde, proiektua ikasleen esku egotea oso motibagarria suertatu da. Ikasteko motibazioa eta autokonfiantza sentimenduak garatu dira, norberaren trebeziak eta ezagutzak era eraginkorrean kudeatzeko aukerak eskainiz.

Teknologia berrien erabilpena
235 BEGIRADA proiektuan teknologia berriak naturaltasunez eta erabateko funtzionalitatearekin erabili dira. Ikasle zein irakasleek, -beti markatutako helburuen mesedetan- baliabide ezberdinak behar ahala erabili dituzte. Haur Hezkuntzako ikasle txikiek kamara digitaletaz baliatu dira erakutsi nahi zutena harrapatu ahal izateko, eta ondoren Audacity programaren bitartez haien ahotsak jaso dituzte. Haur Hezkuntzako irakasleek bestalde, irudi zein audioen ediziorako Nero eta Movie Maker programak erabili dituzte.

Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleek ere bere lanaren berri emateko ikastolako irratia edo bideo kamara erabili behar izan dute, eta Bigarren Hezkuntzakoek gaur egun eskura ditugun baliabide gehienak erabili dituzte bere helburuak lortzeko: kontaktuak egiteko (emaila, sare sozialak...), irudiak jasotzeko (bideo kamara, telefono mugikorrak...), eta bideoen edizioa egiteko (Nero, Movie Maker).

Bukatzeko, sarean haur eta nagusien irudien erabilpenaren inguruko hausnarketarako oso aukera ona eman digu proiektu honek. Ikasleak irakasleekin batera, dagozkien baimenak lortzeko lanetan aritu behar izan dira.

Bukatzeko

235 BEGIRADA proiektua pertsona askoren laguntzari esker aurrera eraman ahal izan da. Haiei guztiei gure eskerrik beroenak:

- Elkarrizketatu guztiak: aiton-amonak, ikasle ohiak, gurasoak, irakasleak, ikastolako sukaldariak.
- Argia Ikastolako ikasle guztiak.
- Onda Ribera irratia.
- Tuterako CAP, bereziki Idoia Vitienes eta Mari Carmen Martinez.
- Águeda Hervás.